Nafarroako Foru Komunitateko eta Estatuko Administrazioek asteartean zigilatu zuten Madrilen Nafarroak trafikoaren eskumen osoa berreskuratzeko akordioa. Akordio hori laster onartuko du Ministroen Kontseiluak, ondoren BOEn argitaratzeko. Horrela, Foru Komunitateak esklusiboki bere gain hartu ahal izango ditu errepideen zaintza eta kontrol lanak, bai eta isunen kudeaketa ere.
Akordioak jasotzen duenez, trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko foruzainen hedapena progresiboki egingo da gehienez hiru urteko epean. Epe horren ondoren, Foruzaingoak bere gain hartuko ditu errepideak behin betiko zaintzeko eta kontrolatzeko lanak, Euskadik eta Kataluniak egun duten egoera berean.
Foruzaingoak hedapen hori osatzeko behar den aldian, Guardia Zibilak, harekin koordinatuta, zaintza- eta kontrol-lanak egiten jarraituko du hiriarteko bideetan eta zeharbideetan, udaltzaingorik ez dagoenean.
Zehapenen izapidetzeari, ebazpenari eta bilketari dagokienez, Estatuko Administrazioari dagokio eskualdaketa indarrean jartzen den egunetik 2026ko ekainaren 30era arte, salaketa egiten duen polizia-kidegoa edozein dela ere. 2026ko uztailaren 1etik aurrera, Nafarroari dagokio zehapen-espedienteak izapidetzea, ebaztea eta biltzea.