Kongresuaren Osoko Bilkurak abenduaren 17an, ostegunean, onartu zuen “ordezkagarritasun sistemaren demokratizazioari eta salgaien errepideko garraioaren sektoreko prekarietate laboralaren eta ekonomikoaren aurkako borrokari” buruzko premiazko interpelazioaren ondoriozko mozioa. Talde Errepublikanoaren ekimen hori puntuka bereizita bozkatu da, eta Ganberak onartutako testuak honako hauek eskatzen dizkio Gobernuari:
Garraio-kontratuetan nahitaezko klausula bat sartzea, kargetan eta deskargetan itxaron beharreko lehen ordutik aurrera geldiarazteagatiko kalte-ordaina bermatzeko.
Ordaintzeko gehienezko epea 30 egunekoa izango da, fakturaren datatik hasita, eta ezin izango da itunik egin.
Gidariei zamalanak egitea galaraztea, kontrako itunak egiteko aukera kenduz.
Salgaien errepideko garraioaren sektoreko profesionalen erretiroa ezartzea 60 urterekin, 58 urterekin koefiziente murriztaileen bidez erretiratzeko aukerarekin.
Laneko gaixotasunen koadroan eta laneko eta Gizarte Segurantzako gainerako arauetan egin beharreko aldaketak egitea, errepideko garraioaren sektoreko profesionalen lanaldiekin zerikusia duten istripu eta gaixotasun guztiak laneko gertakizunen ondoriozkoak direla bermatzeko.
Industrialdeetan eta zerbitzu-guneetan zaintza bermatzea, kamioien eta salgaien lapurretak prebenitzeko.
Zamalanetarako zentroetan eremu eroso eta egokiak prestatzea, atseden hartzeko, elikatzeko, garbitzeko eta dokumentuak kudeatzeko eremuak barne.
Ikuskapena handitzea, kabotajeari buruz indarrean dagoen araudia zorrotz betetzen dela bermatzeko.
Zergak Espainiako Estatutik kanpo ordaintzen dituzten enpresa handiak arautzea eta zigortzea, zerga-betebeharrak betetzen dituztenen aldean bidegabeko abantailekin jardun ez dezaten.