Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak joan den asteartean onartu zituen aldirietako trenbideen, atzerriko unibertsitate-tituluen homologazio eta parekatzearen eta autonomia pertsonalaren fasean nazioarteko babesa duten onuradunen harrera-sistemaren arloetan eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zaizkiola ziurtatzen duten dekretu-proiektuak. Hiru eskualdaketak martxoaren 11n adostu ziren Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoan. Dekretuak indarrean sartuko dira EHAAn eta BOEn batera argitaratzen direnean, bihar, apirilak 19.
Aldiriko trenak eskualdatzearen ondorioz, Euskadik kudeatuko ditu Bizkaian eta Gipuzkoan dauden aldiriko trenen zerbitzuak. Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen ditu transferitutako zerbitzuak arautzea, planifikatzea, kudeatzea, koordinatzea eta ikuskatzea, bai eta horien gaineko tarifa-ahalmena, ordutegiak eta maiztasunak ere. Akordioak, halaber, ADIFen azpiegituretan inbertitzeko plan bat abian jartzea jasotzen du, gabeziei aurre egiteko eta aldiriko zerbitzuen eskaintzan eragina duten azpiegitura batzuen egoera hobetzeko. Gutxi gorabehera 400 milioi euroko 100 jarduketa inguru aurreikusten dira.
Bestalde, EAEk bere gain hartzen ditu, halaber, Euskadiko udalerriren batean erroldatuta dauden pertsonek atzerrian lortutako goi-mailako hezkuntzako tituluen homologazio- edo baliokidetasun-eskaerei buruzko funtzioak. Akordioa 2024ko uztailaren 1ean sartuko da indarrean. Homologazioak esan nahi du Estatuko tituluek dituzten ondorio berak izango dituztela, kasuan kasuko lanbide tituludunean jarduteko gaitzeko.
Gobernu Kontseiluak onartutako hirugarren Dekretuak gizarte-laguntzaren arloko eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzeari heltzen dio, nazioarteko babesaren onuradun izaera aitortuta duten eta sistema horretan sartzea eskatu duten pertsonen autonomia-fasean. Transferentzia horren bidez, autonomia-erkidegoak bere gain hartzen du pertsona horiei harrera egiteko prozesuaren kudeaketa, eta pertsona horiek hartzen dituen gizartean erabat integratzeko ezagutzak eta trebetasunak sendotzen laguntzen zaie.