2030erako Euskal Autonomia Erkidegoko Airearen Kalitateari buruzko Planaren helburuetako bat da % 70 murriztea nitrogeno oxidoen (NOx) eta sufre dioxidoaren (SO2) emisioak, eta % 50 murriztea PM2.5 isuriak (2,5 mikrometroko diametroa duten partikulak), 2005eko balioekin alderatuta. Era berean, neurketa-puntuen % 100ek Airearen Kalitateari buruzko Europako Zuzentarau berrian proposatutako urteko batez bestekoak betetzea lortu nahi da, eta neurketa-puntuen % 50 Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatutako urteko batez besteko txikienaren azpitik egotea.
Planaren helburua kutsadura atmosferikoak osasunean dituen ondorioak murriztea da, baita kutsatzaileen emisioa murriztea ere airearen kalitatean eragin handiena duten sektoreetan, hala nola garraioan, industrian eta bizitegietan. Plan hori 5 ardatz estrategikoren inguruan egituratu da: kutsadura atmosferikoa eta osasuna; mugikortasun iraunkorra eta hiri-berroneratzea; kutsadura murriztea funtsezko beste sektore batzuetan; airearen kalitatearen kontrola, jarraipena eta ebaluazioa hobetzea; eta herritarrak prestatzea, sentsibilizatzea eta kontzientziatzea, 28 ekintza zehaztuta.
28 ekintza airearen kalitatea hobetzeko
Osasunaren eremuan, planak proposatzen du azterlanak egitea, kutsadura atmosferikoak Euskadiko herritarren osasunean duen eragina aztertzeko, eragin ekonomikoa eta soziala barne; kutsadura atmosferikoari lotutako osasun-efektuen zaintza epidemiologikorako sistema bat diseinatzea, informazio-sistema espezifikoekin, biztanleria kalteberari arreta berezia eskainiz (eskola-inguruneak, eguneko zentroak, osasun-zentroak, etab.); eta eskura dagoen ingurumen-informazioa datu sanitarioekin erlazionatzea ahalbidetuko duen metodologia bat garatzea.
Mugikortasunaren atalean, hauek nabarmentzen dira: gehien kutsatzen duten ibilgailuen parkea berritzea, jasangarriagoak direlako; ibilgailu elektrikoa kargatzeko azpiegiturak bultzatzea; eta garraio publikoa erabiltzeko zerga-deskontuak eta -pizgarriak sustatzea. Gainera, Lanerako Garraio Iraunkorreko Planak sustatzea proposatzen da, bai sektore publikoan, bai 500 langiletik gorako enpresetan edo txanda bakoitzeko 250 langilerekin. Ingurune osasungarriak erraztuko dituen mugikortasun aktiboan eta hiri-berroneratzean jarduteko, udalerrietako aparkaleku-eskaintza optimizatzea eta arrazionalizatzea aurreikusten da, bai eta 50.000 biztanletik beherako udalerrietan Emisio Txikiko Eremuak (BBE) ezartzea sustatzea ere.
Energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarriak sustatzeko, beste ekintza batzuen artean, atmosferaren kutsaduraren eragina murrizteko udal-ordenantzen garapena bultzatzea eta industria-jatorriko usainaren problematika ezaugarritzeko azterlanak egitea proposatzen da, beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak eskatzeko.
Airearen kalitateari buruzko informazioa hobetzea lortze aldera, planak hainbat ekintza biltzen ditu, hala nola airearen kalitatea denbora errealean eta iragartzeko moduan ebaluatzeko sistema bat bultzatzea; airea kutsatzen denean aurrealertak egiteko sistema bat ezartzea eta larrialdietako jarduketa-protokoloetan txertatzea, eta airearen kalitatea kontrolatzeko sarean egungo araudian arautzen ez diren kutsatzaileak neurtzeko ekipamenduak sartzea, hala nola black carbon, partikula ultrafinak edo ozonoaren aitzindariak, besteak beste.
Azkenik, herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko ildoan, airearen kalitatea eta kutsadura hezkuntza-programetan txertatzea aurreikusten da, eta herritarrei zuzendutako kontzientziazio- eta sentsibilizazio-kanpainak egitea airearen kalitatea hobetzeko.